2014/04/22

Kangchenjungako kanpaleku nagusian, aklimatazioa hasteko prest


Lemoako alpinista eta gainerako lagunak igandean iritsi ziren datorren hilabete eta erdian euren ‘etxea’ izango denera, Nepal, India eta Txina arteko mugara. Eta hain justu bihar ekingo diote lanari: Txikon, Bielecki eta Braun Kangchenjungako ipar-mendebaldeko hormako britainiar bideko lehen kanpalekura igoko dira, 5700 metrora, aklimatatzeko lehen pauso gisa. Denis Urubko kazajistandarra eta Dmitri Sinev errusiarra gaur bertan abiatu dira gorantz, eta bihar bigarren kanpalekura heltzea dute helburu azken bi hauek (6.400 m). 
Alex Txikon, #Kangchenjunga North Base Camp
Gailurra maiatzaren 15 inguruan egin dezaketela pentsatu dute. Ondoren, berriz ere kanpaleku nagusira jaitsi eta, atseden hartuta, indarrak berritu eta gorantz abiatulo lirateke (oraingoan soilik Alex Txikon, Denis Urubko eta Adam Bielecki) buruan duten bide berri horren bila, estilo alpinoan, ipar-mendebaldeko pareta honen erdi-erditik. Denisek diseinatutako plan gogorrak kanpaleku nagusira heldu eta bi egun eskasetan lanean hastera behartu ditu, nahiz eta mendirako material tekniko guztia oraindik ez den heldu, zamalari asko bidean baitaude oraindik: “Izotzerako bizpairu torloju ditugu eta, adibidez, Denisek utzitako kranpoiekin igo beharko naiz bihar”. Hortaz, kideek utzitako materialaz baliatuta hasi beharko du espedizioa Alex Txikonek.

Adam Bielecki, Artem Braun, Dmitri Sinev, Alex Txikon, Denis Urubko. BC.
Espediziokideak bakar-bakarrik daude kanpaleku nagusian, ez dago beste talderik. “Kangchenjungako tontor nagusia eta Yalung Kang mendia ditugu parez pare. Borda pare bat ere badago, biltegi edo sukalde modura erabiltzeko”. Arazoa edo alde txarra zera da, hormaren oinarritik urrun samar dagoela kanpalekun nagusi hau: “Lehenik ia 200 metro jaitsi behar ditugu morrenaraino, eta ondoren ia 9 kilometroko zeharkaldia dator glaziarrean zehar. Denisek eta Dmitrik 7 ordu behar izan dituzte gaur, nahiz eta aurrera egin ahala joago garen aklimatatzen eta denbora hori jaisten”.

Mendiaren dimentsioak ustekabean harrapatu du Alex. “Menditzarra da, erraldoia! K2a edo Makalu baino askoz handiagoa, oso gogorra izango da”. Taldekideek ez dute denbora galdu nahi: “Ahalik eta lan handiena egingo dugu eguraldiak baimentzen digun bitartean”.

Albiste gehiago FACEBOOK eta TWITTER bidez.
Jarraitu nire pausoak ZUZENEAN.
#Kangchenjunga from North Base Camp.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina