2014/05/20

Gailur ahaleginaren kronika, behe kanpalekutik kontatuta

Alex Txikon eta bere soka-lagunak Kangchenjunga iparraldeko behe kanpalekura iritsi dira gaur eguerdian (08:30 inguru Euskal Herrian), "leher eginda, baina ondo". Bertatik, egun hauetan bidean gora gailurrera heltzeko ahaleginean bizitakoaren kronika bidali digu alpinista bizkaitarrak.

Photo: Adam Bielecki's collection
Maiatzak 14. Behe kanpalekutik abiatu ginen, hasiera batean Adam, Dimitri eta hirurok, hurrengo egunen Denis eta Arteum aterako ziren eta maiatzaren 17an denak elkartzea zen asmoa, 7500 metrora arte hornituko genuen egun berean, hain zuzen. Maiatzaren 14ean, lehen egun honetan, 6000 metroko altuerara heldu ginen.

Maiatzak 15. Egun luze eta gogorra. Ipar lepora heldu ginen (7050m). Honeraino dena zuzen eta kontrolpean, mendiak utzi zigun neurrian. Aurrerantzekoa izango zen egiaren ordua.

Maiatzak 16. Pisu handia bizkarrean hartuta, goruntz abiatu ginen 7500 metrotara heltzeko asmoz, baina ezinezkoa izan zen eta 7250 metrotan ezarri genuen denda. Segidan, Adam eta biok hornitzera atera ginen; oraingoan, Adamek hartu zuen ardura beregan lehenengo postuan eskalatuz, nik zama lana egin nuen. Dima, bien bitartean, gure zain geratu zen 7250 metrotan, denda barruan. Tarte honetan egindako lanaz azpimarratu nahiko nuke 70 metroko luze ederra eta gogorra eskalatu nuela librean, 6a zailtasunekoa haitzean. Kostatu zitzaidan gero! Hiru luze hornitu ostean, 12 orduko lana eta gero, dendara itzuli ginen.

Photo: Adam Bielecki's collection
Maiatzak 17. Aurreratu beharra dago. Berriro ere denda jaso… eta abar. Goiz irten ginen leporantz, Adam eta biok bezperan hornitutakoa igo eta nire txanda iritsi zen. Lehenengo luzea ez zen bereziki zaila izan, nahiz eta altuera horietan dena den ikaragarri konplikatua! Nire ustez, bigarren luzea izan zen arriskutsuena, beldurra pasatu nuen. Hirugarren luzean (34 metro bertikalean) soka zaharrak agertu ziren, ahal izan nuen moduan heldu nien, jakin arren ez zirela oso fidagarriak; baina, zer ez da arriskutsua 7500 metrotan? Azkenik, beste 12 orduko lana eginda, behin betiko C3a ezarri genuen 7600 metrotan. Bat-batean, Denisen ahotsa entzun nuen, a ze poza!, hitz eginda genuen moduan, denak elkarrekin ginen berriro ere. Sinestezina! Gailurrerantz aterako gara ordu batzuen buruan, guztiok batera. Beharbada, Adam, Dimitri eta niretzat aurreko egunak gogorregiak izan dira orain tontorra saiatzeko, baina horrelako mendietan, hain altu egonda, ezin dira horrelako aukerak pasatzen utzi. Hortaz, bagoaz!

Photo: Adam Bielecki's collection
Maiatzak 18. Adam, Dimitri eta ni apur bat beheragotik atera ginen 02:20ean, eta 03:00etan Denis eta Arteumekin elkartu ginen. ‘Croissant’aren oinarriraino bostok elkarrekin heldu ginen, kasik 7850 metrotan. Lehenengo zalantzak izotz bizi eta bertikalarekin batera etorri ziren. Bide osoa bezalaxe, bazirudien tontorreranzko azken txanpa ere oso tentea eta arriskutsua izango zela, akats txikienak ere 2500 metroko erorketa ekar zezakeen. Nik ere zalantzak ditut, Denis eta Arteumekin geratu naiz hasiera batean. Segidan, 75 bat metro atzera egin ostean, Adam eta Dimitri ere itzuli dira guregana. Bostak elkartuta, eztabaidatu eta, azkenean, Adam eta Dimitrirekin batera gora egitea erabaki nuen; Denis eta Arteum, ordea, buelta eman eta beherantz atera ziren. Lehenengo tarte arriskutsua gaindituta, berriro ere 60-70 bat graduko luze tentean gora, irtengune edo resalte batera heldu eta eskuinaldetik pasatu genuen soka fijatu arte; bigarren luzea Adamentzat eta, berriro ere aseguratu gabe, haitz-tarte oso bertikal batera iritsi ginen. Bazirudien bertatik, zeharka, jendarmeen lepora hel gintezkeela. Dimitri izan zen haitz-tartea gainditzen lehena, atzetik ni. Lehenago ere gertatu izan zait, baina beharbada ez oraingo honetan bezala: erdi lurperatutako gorpu bat aukitu nuen parez pare, 8000 bat metrotan egongo ginen, hotzikara batek gurutzatu zuen nire barrena. Guk ere amaitu dezakegu egoera berean?

Photo: Adam Bielecki's collection
Gure apostua, agian, nahikoa arriskutsua da horretarako. Burua aurrerantz ekarri, hortzak estutu eta kontzentraziorik ez galtzen saiatu nintzen; larri samar goaz denboraz eta apur bat mantso. Adamek hiruzpalau aldiz ulertarazi dit motxilak utzi beharko genituzkeela, pisu gehiegi daramagulako (zeharkaldia egitea dugu buruan, iparraldetik igo baina hegoaldetik jaistea). Ez galdetu zergatik, gailurrera iritsi eta zeharkaldia egiteko gogo biziak ez zidan pentsatzen utzi, besterik gabe eskalatzen segitzen nuen, metroak irabazten. Azken lepora heltzea nuen buruan, agian bertan motxilak uzteko. Gora eta gora jarraitu nuen, harik eta arratsaldeko 16:00etan
Photo: Adam Bielecki's collection
Adamek oinak gelditu zizkidan arte. Arrazoi osoa zuen, uste dut erabaki egokia hartu genuela: buelta eman eta beheranzko bidea hartu genuen, 8400 bat metrotan egongo ginen. Une batez, nire burua han bibakeatzen ikusi nuen… Adami esker onena egin eta gure biziak salbatu genituen. Gehiegi apuratu genuen agian, baina gisa honetako mendietan, 5 lagun, apostua arriskatua da beti. Ilundu eta tenperaturak behera egin zuen, kanpalekutik gertu ginen, baina okerrena heltzear zen. Adam oso bizkor doa beherantz, ni Dimitriren atzetik noa nire onena ematen, indarrek ahalbidetzen didaten neurrian. 7900ko altueran ginela, bat-batean, Adamen frontala ikusteari utzi nion. Puntua zein zen kalkulatu eta harantz abiatu ginen bere bila. Iritsi eta bere izena oihukatzen hasi nintzen, ez diot entzuten, “erori da eta akabo” pentsatu nuen. Baina, bat-batean, zer edo zer ikusi nuen, Adam zen, metxeroa piztuta seinaleak egiten. Bere ahotsa entzun nuen. Ez nekien zergatik edo nola, baina ziur nintzen erori egin zela. Ordu eta erdi geroagoa heldu ginen beregana, frontala galduta zuen, eta hipotermiaz dardarka ari zen. Animatzen saiatu nintzen antzeko egoeratan beste batzuetan egin bezalaxe, baina, itxura txarra zuen arren, berehala antzeman nuen burua behar bezala zuela. Dimitrik lotu zizkion kranpoaik, eta martxa.
Photo: Adam Bielecki's collection
Gerora kontatu digunez, gure zain geratzeko eseri eta irrist egin zuen, 100 bat metro! Ez daki nola baina geratu egin zen, miraria, milioi batetik bat. Bitxia da: esango nuke Adamek salbatu zigula bizia buelta eman beharraz ohartarazi zigunean, eta orain guk itzuli diogu. Hotzez dardarka zegoen Adam, eta frontala utzi nion dendarantz aurreratu zedin. Orduan ni geratu nintzen izorratuta, argirik gabe eta terreno konplikatuan. Dimitriren itzala segitu nuen, ezin ezer ikusi… galduta ginen, ez genuen denda aurkitzen! Altuera gehiegi galdu genuen erorketaren ostean. Baina… hara! Denis eta Arteum seinaleak egiten ari zaizkigu! Berriro ere gorantz… dendara iritsi arte. Oso berandu zen, 00:30ak inguru, baina onik ginen. Beldurra eta sustoak pasata, baina bizirik. Denisekin batera sartu nintzen, badirudi bihar saiatu nahi duela. Eta halaxe egin zuen.

Photo: Adam Bielecki's collection
Maiatzak 19. Goizeko 5:10ean, gailurrerantz atera zen Denis; lau ordu eta erdi geroago bertan zen, sinestezina, Denis, SuperDenis… oso gutxi dira halakorik egiteko gai. Hortaz, hiru taldetan banatuta jaitsi ginen: Arteum eta biok batetik, Adam eta Dimitri bestetik, eta Dima bakarka. Lehenik gu biok iritsi ginen C1era (6000 m), gero Denis (tontorra egin ostean), eta azkenik Adam eta Dimitri. Poztasuna erabatekoa da denak onik gaudelako, egoera latza izan den arren are konplikatuagoa izan zitekeelako. C1ean eta tontorrarekin, pozik nago, zoriontsu, baina ez daukat apenas indarrik. C1ean egin genuen gaua.

Maiatzak 20. Goizean goiz jaiki eta eguerdia baino lehenago iritsi gara kanpaleku nagusira. Oso mugan ibili gara, muturreraino estutu ditugu gure indarrak, esango nuke nire bizitzako hiru egunik latzenak izan direla. Leher eginda heldu naiz, baina egin dugunarekin oso pozik , eta gainera bizirik nagoela sentitzen hasi naiz berriro ere. Min handia dut ezkerreko oinean, orain begiratuko dut hobeto; bigarren gauza da hori. Lehenengoa ez da ez ura, ez Coca Cola bat, ezta jana ere (nahiz eta hiru egun daramatzadan mokadurik gabe)… goizeko 05:00etatik abesti bat daramat buruan bueltaka, une latzetan hortzak estutzen lagundu didana: Berri Txarrak-en Oreka.

Alex Txikonen bidea zuzenean jarrai dezakezue Racetracker GPS zerbitzuari esker.
Informazio gehiago, baita ere, FACEBOOK eta TWITTER bidez.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina